2025eko Hatsaren Poesia liburuaren aurkezpena Larraldean, Senperen, 2025eko apirilaren 6an, igandean gertatua.
Poeta, poesiazale, poeta-lagun eta irakurle maite hori:
Aurten 27. HATSAren POESIA liburua aurkeztu dugu, eta 128 olerkarik parte hartu dugu; horien artean, 16 hatsakide berri izan dira.
Aurten ere bildu gara Larraldearen gerizpean, hastapenetan Oxtikenian biltzen ginen bezala, anaitasunez eta ahizpatasunez. Poesia aitzakia. Senpereko Larraldeko ateak zabaldu dizkigu beste behin ere Andoni Iturriotzek, eta eskerrak hari bildu gara beste urte batez Euskal Herri osoko eta euskal diasporako poetak eta poesiazaleak, gutarteko zubi poetiko hori iruten segitzeko, gutarteko sarea ehuntzen jarraitzeko.
11:30etan genuen hitzordua, eta tantaka-tantaka agertu ginen Larraldearen aterpera, pixkanaka, 36 hatsaren poeta bildu ginen arte.
12:00etan hartu zuen hitza Ainara Maiak "Irakurleari” testua irakurriz: “Denok gara poetak, eta norbera bakarra baita, bakoitza munduko poetarik handiena da (Auxtin Zamoraren hitzekin batera, nik sinetsi nahi dut, idazten dudana, ez bakarrik niretzat, bai besteentzako, ere, baliotsua dela). Niretzat, bederen, baliosa da idazten dudana, eta, Hatsak eman dit naizenaren zati bat. Zer nintzateke ni Hatsarik gabe? Zer ginateke, 1998ko ekainaren 23an, Hatsa elkarteak bidalitako lehen gutun hura horrela igorri izan ez balitz?”.
Esker handi bat helarazi nahi izan zion Andoni Iturriotz etxearen jabeari, eta Patri Urkizu eta Juan Luis Eizmendi hatsakide zenduei omenaldia egin.
Ondoren, aurtengo liburuaren sar-hitzaren egile den Joxe Luix Agirretxeri eman zion hitza, eta gero, Hatsaren poesiaren atea zabaldu digu euskal diasporako Andrea Bella Uruguaitar-euskaldunak, hark marraztu baitigu liburu berriaren azala, eta barneko orrialdeetan barna irakurtzera gonbidatu.
Auxtin Zamorak azken hitzarekin amaitu zuen aperitifa poetikoaren aurretik: “Eskerrak bihotzetik hemen zareten guzieri. Ontsalaz liburu baten egiteko, asko hitz behar dira, baina batzuetan
hitz bat bakarrik aski da mila liburuen iturri izateko. Oinarrizko hitz horietarik bat izan da guretzat, ''Hatsa'' hitza, zeren hitz horrekin 27 urte hautan izendatu dugulako gure elkartea eta bere filosofia... Ekintza luze honetan, uste dut, nunbait, gure mintzairaren sakonean sartu garela, zeren ''mintzo'' fisikoaren papelatik haratago, Poesiaren immaterialitatearen eremuetara joan garelako, mintzairari bere ''airea'' hunkituz, hots, ''mintzaira'', erran nahi baita: ''mintzoa'' eta bere ''airea''!”.
Aurkezpen hitz-zaparrada poetiko horren datorren urteko Hatsaren Poesia libururako sar-hitzaren egile nor izango den erabaki zen zozketa bidez, eta Auxtinen alaba Beronikak atera zuen zoriz izen bat, heldu den urteko sar-hitzaren (edo irten-hitzaren) egilea: Marisa Arruabarrena! eta gero, azken 26 urteetako Hatsaren Poesia liburu-sortaren zozketa egin zen, eta Luzien Etxezaharretari egokitu zitzaion... zorioneku bera! Hark nahiko ez balu, Marisa Arruabarrenak eramango luke berak lan egiten duen Donostiako ikastetxera…
Heldu den urteko liburuaren azalaren marrazkilaria nor izango ote den, zabalik da eskaintza egiteko epea, eta zuotako edonork egin dezake.
Aurtengo liburuaren aurkezpen ofiziala jadanik eginik, taldeko argazkia atera genuen Larraldean, eta bat egin genuen apirilaren 6ko Baionako EHEren aldarrikapenarekin.
Aperitifaren ordua iritsi zen, modu informalean bildu ginen taldeka edari eta zizka-mizka artean mintzatzeko eta elkarrekin hitz batzuk trukatzeko.
Horren ondoren, batzuk joan behar izan zuten, eta beste batzuk Larraldeko ukuiluan mahai-inguruetan bildu ginen bazkaltzeko. 20 bat poeta bildu ginen Larraldeko sutondoaren argitasunean eta berotasunean, sabela gehiago betetzeko, elkarri gauzak kontatzeko eta kantuz ospatzeko.
Arratsaldeko 16:00ak inguru gure kadiretan ginela, banan-banan mikrofonoa hartu eta liburuko geure olerkia errezitatu edo abestu genuen bertan geundenok, eta bertaratu ezin izan zutenen batzuen olerkiak ere irakurri genituen: Eñaut Etxamendi, Maria Sol Cicero, Xabaltx, Mikel Babiano, Aitor Antuñano, Lierni Azkargorta…
Arratsaldeko errezitaldi honetara beste bi lagun agertu ziren Bilbotik, Leire Zabala Telleria eta bere senarra Josu Bilbao. Leirek bere gitarrarekin euskal poeton GURE HATSA ereserkia elkarrekin kantatu zuen, eta Rikardo Gonzalez de Durana, bere alaba Garazi poeta gaztea, Unai, Arantza Martinez eta Josu J. Maia bertsotan askatu ziren.
Beste urte batez ere, egun polita igaro genuen, eta Hatsaren poesia liburuaren ate poetikoa zabal-zabalik dago nahi duen ororentzat! Sartu nahi al duzue adiskideen artera?
Heldu den apirilaren 18an Auxtin Zamorak Katalina Elizalde ikastolan hitzaldi bat emango du, eta hurrengo Hatsaren Poesiaren hitzordua Sarako idazleen biltzarrean apirilaren 21ean izanen dugu, oraindik liburua eskuratu ez duzuenok hor izanen baituzue aukera eskuratzeko, eta ezinezkoa bazaizue, postaz igorriko dautzuegu. Ez kexa!
zer egingo nuke nik zuek gabe
https://www.kazeta.eus/eu/info_kz/20250415/olerkarien-eguna-amotzeko-larraldean-azken-aldiz?
https://itxaurdi.blogspot.com/2025/
https://www.instagram.com/urtziurkizu/p/DIYTYhpsEbU/
Lehengo blogeak
http://olerkarien-eguna1.blogspot.fr/
http://olerkarieneguna2.blogspot.fr/
http://olerkarieneguna3.blogspot.fr/
http://olerkarieneguna4.blogspot.fr/
http://olerkarieneguna5.blogspot.fr/
http://olerkarieneguna6.blogspot.fr/
http://olerkarieneguna7.blogspot.fr/
https://olerkarieneguna8.blogspot.com/
https://olerkarieneguna9.blogspot.com/
https://olerkarieneguna10.blogspot.com/
https://olerkarieneguna11.blogspot.com/
Datorren urteko 27. "Hatsaren Poesia" olerki-bilduma liburua elkarrekin sortzea proposatzen dugu beste behin ere. Urruñako Loraldiberri eta Durangoko azokaren ajea dela eta, berantetsi naiz datorren urterako deialdia egiteko, baina azkenean hona hemen gonbidapena.
Beti bezala, itxaropen handi batekin pentsatzen dugu olerkari aunitzen oihartzuna ukaitea datorren urteko HATSAREN POESIA liburuan, eta posta elektroniko honekin batera, oroitu nahi dugu datorren urteko sar-hitza aspaldiko hatsakide dugun Joxe Luix Agirretxeri egokitu zitzaiola zoriz, eta datorren urteko liburuaren azalerako irudia norena izango den seguru ez dakigu, baina Andrea Bella Uruguaitar euskaldunak egin nahi lukeela esan zigun.
Zuei denoi ere parte hartzeko gonbidapena zabaldu nahi dizuet, eta honako hau galdegiten dautzuegu datorren urterako:
1. 2-3 olerki bidal diezagukezu, eta horrekin batera biografia labur bat, gehienez ere lauzpabortz lerro.
2. Zure aurpegiaren argazki bat ere nahi genuke.
Azken epea olerkiak bidaltzeko 2025eko urtarrilaren 23a izanen duzue, eta bi modu duzue horretarako:
1. helbide elektroniko honen bidez: hatsarenpoesia@gmail.com
2. posta arruntez: Porcelanas Bidasoa 6, 4. B, 20303 Irun, Gipuzkoa, Euskal Herria.
Baldintzarik gabe eta zentsurarik gabe olerki guziak usaian bezala, 2024ko bedatsean edo udaberrian argitaratuko ditugu, ontsalaz apirilaren hasieran.
Zure inguruan diren olerkari idazleei mezu hau ZABALDU, otoi! Denontzat tokia izango da liburuaren barnean!