Bertso Pratika tailerra Lekunberrin


 Bertso-praktika Lekunberrin, irailak 13




EGITARAUA:
11:00-14:00: Poesia eta bertsoaren arteko hausnarketa
Bertso sorta kolektibo baten sorkuntza
14:00: Bazkaria: Mugiroko Bentan edo naturan
16:00-17:00: Bertso-saioa. Rikardo Gonzalez de Durana eta bere lagun bat edo bi prest daude saioari hasiera emateko. Edozein hatsakidek jarraipena eman ahalko dio saio horri.
Bertso-saiorako gaia: “sortzen eta sortzen, poemak bertso bihurtzen
Laster izanen dugu Lekunberrin
Hatsakideek batak bestearen berri
Bertsoak praktikatuz, poesia landuz;
irrikaz gaude, ez al duzue igerri?
Arduradunak eta informaziorako kontaktuak:
Garazi Gonzalez de Durana eta Arantzazu Martinez Etxarri
garazigoma12@gmail.com
ametxarri@gmail.com



Olerkiak zein bertsoak elkarrekin maita
Lekunberrin eta Mugiron. Irailak 13ko Kronika

(Ainara Maia Urroz, Arantza Martinez Etxarri, Sabin Oregi Zarautz)


Irailaren 13a, larunbata, heldu da. Tenorea 11:00etan eta topagunea Lekunberriko tren-geltoki zaharraren eraikinean iragarrita zegoen, egungo Kantinan. Tinko ia batera lau autoetan Lapurdi, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoatik heldu ziren Auxtin, Ainara, Garazi, Rikardo, Josu, Arantza eta Sabin. Tren-geltokia izandako eraikina, eta ondokoa eraberrituak izan dira; batean turismo bulegoa eta gertuko gauzak aukeratzeko gunea dago, eta bestean, tren eder haien zaporea dastatuz apaindu dute taberna. Horrelako paradisuan hartu genuen kafeño bat guztiok bildu bitartean, jakin arte falta ziren bertsolariak beranduago iritsiko zirela. Eguna ez zen bereziki hotza, baina oraindik tenore horretan ez da nahiko igartzen eguzkiaren eragina. Ez ahantz eguzkiaren ordutegiaren bi oren aurrera azaltzen dutela gure ordulariek. Hamaikak direnean eskumuturreko zein telefonoaren ordularian, benetan eguzkiaren bederatziak dira; eguzkia esnatzen baitago, eta bere eragina, artean, ez da nahikoa nabarmentzen. Olerkariak eta bertsolariak elkarrekin biltzearen proposamena gure bi hatsakideen asmoa izan zen, Arantza Martinezena eta Garazi Gonzalez de Duranarena, larunbat honetan arrakastaz gauzatu zena. Izan ere, apirilaren seian, Larraldean, 2025. urteko olerki-bilduma berriaren aurkezpena zela eta egin genuen bazkarian Arantza eta Garazi hurbildu zitzaizkigun, azkenburukoen tenorean, bertsoak elkarrekin kantatzeko prest. Horrela, gertutasun horretan, eta giro horrek eskaintzen zuen aukera baliatuz, guztioi aurkeztu ziguten bururatu zitzaien ideia: bertso-praktika bat antolatzea, olerkariak eta bertsolariak elkartuz. Agian norbaitek pentsatuko zuen tximista bezain azkar agertu zen asmoa bere horretan geratuko zela edota bi multzoetako jendea biltzea ezinezkoa izango zela, ba norbait hori errealitatetik urrun zebilen. Larunbateko bilerak erakutsi zigun ideia guztiz egingarria zela. Are gehiago, nik bezalako olerkariren batek ikusi zuen, jada bertsoak sortzea zaila dela jakinez eta bertsolaritzaren arauak zorrotzak izanik, oraindik ez dugula ezagutzen bertso librea, Jurgi Oteitzak bere olerki idatzietan erakutsi zigun moduan, hitzak espazioan dantzan. Bildu garenontzat bertso-praktikaren eguna hastear da, oraindik. Xarmadun kafetegiaren edertasuna behatu ondoren, eta bidean enbarazu egingo diguten gauzak autoetan uztea erabaki ondoren, txango laburrari hasiera emateko momentua heldu da. Irurtzun aldera zenbait kilometro egitea deliberatua zuten olerki-lantegiko bi emakume arduradunek, eta halaxe egin genuen, sorpresa atseginak eta guzti. Bidean zenbait paradisu eder agertu zitzaizkigun ibilbidea egiten ari ginen bitartean. Tunelak, ura geratzeko presa, errota izandakoaren aztarnak eta Ixkier ur-jauzi oparoa. Horietako zenbait lekuetan geratu eta taldearen argazkiak egin genituen. Itzultzeko bideari ekin genion, hiru multzotan banatuta, aurretik Arantza eta Josu, tartean Rikardo eta Sabin, atzekoan Auxtin, Ainara eta Garazi. Azken hiruko talde honek landare bilketa egin zuen, bueltako bidean, arratsaldean jakingo genuen zergatia. Unanuako iturburuaren ondoan ederki plazaratuta dagoen mahai ederra baliatu genuen talde osoa biltzeko eta taldean egindako bertsoak sortzeko; zortziko txikia eta zortziko nagusia.
Aurreko taldean sortutako bertsoarekin gertatu zen antzera, bertsotan iaioak diren lau bertsolariek tonua eta doinua emanik, modu ederrean kantatu zuten. Giroa bero zegoela, jakin genuen orduan zertarako eskatu ziguten objektu bat eramateko poesia-eta bertso-tailerreko parte-hartzaileei. Horrela Auxtin, Ainara, Garazi eta Arantzak natura bertan jasotako landare zein loreak erakutsi zituzten, Josuk hondartzako oskol bat eta Sabinek gailu elektronikoak uztartzeko kable bat. Banan-banan eta txandaka, erakutsi genituen objektuak. Objektu horiek eta arreta bereziz entzundako poeten azalpenak izan ziren bertsolariek gai moduan erabili zituztenak.
Hauxe da Lekunberrin
giroa duguna
landurik garuna
Lekunberrin loreak
berdetasuna indar
zortezko eguna
estriptitza (sic) eginda
dugun maitasuna..
Olerkiak idaztea amaituz batera jaso genuen Asier eta Serapioren deia kafetegian zeudela adierazten. Altxatu, bidean aurrera segi; kilometro exkaxa ibili ondoren taldea osoa bildu ginen. Berandu zen, eta ahariaren kuluxka zer den ikasiz, hartu genuen autoak jatetxea joateko. Bazkaltzera joateko bideak eguna gogoratzeko irudi ederra eraiki zuen gure burmuinetan. Guztiok genuen ezaguna Mugiroko bentan bazkaldu behar genuela. Baina, plan-aldaketa: aurretik joan zen autoak, Mugiroko ostatua aurkitu eta bertan gure zain zeudela jakinarazi ziguten. Horrela, aurretik joandako bi horiek, Bentan aurkitzen ez genituenez, zeuden lekuko argazkia eta kokapena bidali zizkiguten. eta horrela, posible izan genuen Bentatik ostatura iritsi. Mugiro herri txikia da, eta bere xarma ezagutu ahal izan genuen. Nola ez Mugiroko ostatuko mahaia, zerbitzua, zerbitzari bulgariar-euskalduna —betiko euskaldun zahar etxeko alaba bazirudien ere—, eta, azkenik, sukaldea! Zer den ahariaren kuluxka? Gehienok ezagutzen dugu, eta inoiz egin dugu bazkaldu ondoren lo-kuluxka. Ba, ahari kuluxka deitzen omen zaio bazkaldu aurretik egiten zaionari. Eta On kixoteren eleberrian ere agertzen omen da “la siesta del carnero” izenarekin. Beste gauza gehiago ezagutu eta ikasteko parada izan genuen arratsaldean. Seguru nago nerabe nintzenean, ene irakasleak ez zuela jakinen azaltzen zer erran nahi zuen esaldi horrek. Ez omen da inoiz berant ikasteko, argi dago! Sukaldean pil-pilean prestaketa-lanetan aritu ziren bitartean, denbora horretan zehar bildutakoen artean lehen taldean sortutako bertsoa idazteari ekin genion.
Beren itxurak,
Hementxe gaude besterik gabe
bertsoa ez ote da bada
poesiak bultzatuta
olerki mozorrotuta?
sagardoakin hobe kantatu
nahi duguna eserita
hitzak burura etortzen dira
eta burutik askatuta
luma ederrez idatzi nahi dut.
(Ainara Maia Urroz)
Platerak mahaian agertu aurretik gureganatu zen Jean-Louis Harignordoki “Laka” moduan ezagunagoa, eta giroak beste aldarte eder bat jaso zuen. Plater ederretan agertu ziren xerrek, solomoek edo oilasko-haragiek modu ederrean ase zituzten gure sabelak. Azkenburukoak edo postreak, mahaian agertu zirenean, poesia-tailerraren gidariek berriro ere prestatu eta banatu zizkiguten paper zuriak taldean sortutako hurrengo bertsoa idazteko. Oraingoan Hamarreko handiko neurriko errima zuena.
Ia arratsaldeko seiak zirelarik amaitu zen Mugiro ostatuko egonaldia. Itzuleran, bi autotan itzuli ginen berriro ere Lekunberrira, han gelditu baitziren gure beste bi auto, eta Lekunberrin bertan zerbait hartzea deliberatu genuen igaro genuen egunari behar zuen moduan agur emateko. Ondoren Lekunberrin bertan zerbait hartzea deliberatu genuen Hurrengo poesia-tailerrera arte.

Gaur poesiak eta bertsoak
batu gaituzte Mugiron (Serapio)
bazkarirako etorri gara (Sabin)
xerrak urdai egizue on (Arantza)
lagun bikainak dauzkagu eta
emakume eta gizon
Kezkatu gabe umore onez
gaur gaitezen uros egon (Auxtin)
Literaturaz blaituta pozik
eta ez gaude edonon (Ainara)
Auxtinen olerkia Bertsuak inprostean egiteko ez naiz gai, baina olerki tailerretan proposatu gaiek,
dexente, zerbaiten idaztera, bultzatzen naute.
Sortzen..sortzen...

Hitzak, libertatearen umetxoak dira !
miliarka munduan,
musikatzen, ahozkatzen, antzezten ditugu,
baina amaigabe biziaren espetxetako zulo guziatik
ihesiz doaz.
Testoetan, zintzurretan sartu orduko,
ez dira gehiago hor, ziztu bizian alde egiten dute.
Badira hitz batzuk buru buztanik ez dutenak,
eta, beste batzuk harria bezain gogorrak,
gure ''bai-baina''k zeharkatzen dituztenak ?
Badira hitzak, bertsuetan,
milimetrotan neurtuak direnak,
eta, beste batzuk ferafutre,
olerkien anabasetan dantzan ari direnak.
Badira hitzak gerla gorria sustatzen dutenak,
eta, beste batzuk, sukar ezin jasangarriak,
jabaltzen derauzkatenak .
Badira hitzak edoietan direnak,
eta, lurrerat erortzen direnak.
Badira hitzak lurrean direnak,
eta, edoietara doatzinak.
Badira hitzak gure atzetik derauzkagunak,
eta, beste batzuk, aiaio ,
aurrean, ezin aurkitu gintuzkegunak.
Badira hitzak denboraren haizean galdu direnak,
eta, beste batzuk, eguna, sekulan, ikusiko ez dutenak.

Sortzen sortzen...
pertsularien hitzak, airearen hegaletan, sortzen dira,
olerkarienak, su biziaren barnean,
eta, humano guzienak, lurrak, urarekin egiten duen :
lohiaren gainean.
Auxtin
Marisaren bertsoa (audioa)




Josu Jimenez-Maia-ren kronika
https://itxaurdi.blogspot.com/2025/09/olerkariak-eta-bertsolariak-uztarri.html






Anima zaitezte!