'Deus'' Olerki tailerra eta Kontzertua
Hitzen bidez bizitza birsortzen
(Ainara Maia Urroz-en kronika)
Ostegunean, abuztuak 14, arratsaldeko 17:00etan DEUS poesia-tailerrak elkartu zituen Ainara Maia-Urroz, Josu Jimenez -Maia, Iñaki Lopez de Luzuriaga, Timberlake Wertenbeker, Auxtin Zamora eta zonbait entzule, DEUS poema-liburua hizpide hartuta, deus eta ezdeusari buruz hausnartzeko. Ezerezaren ukapena da ezer edo deus aipatzea, eta poema-liburu horren idazle-poetak ederki gidatu zuen poesia-tailerra. Eric Dicharryk hainbat erreferentzia ekarri zituen, hala nola Tamarizaren kontzeptua eta “No future” belaunaldia, Hiroshi Sugimoto eta John Cage, baita tradizio poetiko arabiarrak ere. Oihartzun horiek guztiek aberastu zuten saioa, tokiko eta unibertsalaren arteko zubia eraikiz.
Tailerrean hizpide izan ziren, halaber, hitzak, gure historia sortzen eta kontatzen dutenak, baina baita egia eta isiluneak ere. “Poetak egindakoa ez da beti historia, poetak orainean idazten baitu gaurko sentipenez, baina historian arrasto bat uzten du beti” jaso zen oharretan.
Beste une batean, odolaren korrontearen hotsak agertu ziren: hitza ez da ariketa estetiko hutsa, baizik eta odolaren antzera dabil gorputzean eta gizartean, bizi-indarra eta memoria transmitituz. Horri lotuta, poesia askotan metapoesia bilakatzen da, bere buruari eta bere egitekoari buruzko gogoeta.
Amaieran, iruditeria kolektiboaren indarra azpimarratu zen: dena poesiaren gai izan daiteke, deus poetiko bat, baina beti entzuleen begi eta belarrietan osatzen da benetako poema. Entzunezina dena eta existitzen denari buruz gogoeta egin zuten parte-hartzaileek, eta soinuen ageriko zeinuak ikusten jarri zituen parte-hartzaileak DEUS poema-liburuaren Eric Dicharry idazleak: dazten jarri gintuen oroitzapenak eta zentzumenak kontuan hartuz. Tailerrean sortu ziren testuek hori islatu zuten, askotariko ahotsen arteko elkarrizketa moduan. (Hauk datoren 28 garren HATSAren POESIAliburuan ezarriak izanen dira)
Hitz batean: poesia-tailerrak ez zituen bakarrik hitzak ekarri, baizik eta hitzen bidez pentsatzeko, partekatzeko eta elkarrekin bizitzeko aukera.
Poesia-tailerraren ondoren, arratsaldeko 19:00etan Jon Galdos eta Patxi Quel txalapartariak agertu ziren, eta txalaparta-hotsen aitzinean poesia-tailerreko parte-hartzaileei beste entzule batzuk batu zitzaizkien Senpereko Larraldean. Jon Galdosen margolan eder mitologikoez ingururaturik, giro magiko bat sortu zen, bidenabar errateko.
Segidan, Sistiagaren semeak aita Antonio margolaria omendu zuen frantsesez. Alajinkoa! Sinesmen guztiak elkartuz, hunkigarria izan zen.
Bukaerako DEUS sentikaria ez zen ezdeusa izan, eta kontzertu-errezitaldi poetikoa eskaini zuen Eric Dicharryk bere musikari batekin batera, Frederic Desmesure. Poema-liburuaren izen bereko diskoaren kantuak eman zituen bertaratutakoen aitzinean, eta saioan zehar hainbat ideia azaleratu ziren. Batetik, poetaren figura bera auzitan jarri zen: “Poeta ez da hor” esan zen behin baino gehiagotan, eta horren harira anonimatua eta kolektibotasuna aipatu ziren. Poesia ez litzateke norbanako baten ondare soil bat, baizik eta herriaren memoria kolektiboan ehundutako sarea.
Jon Galdos-en Pintura bat
Ainara Maia-Urroz, Eric Dichary, Iñaki Lopez de Luzuriaga