''Hitzak eta ixil guneak'' Juankar Mugartzarekin
Izena igorri honera: olerkibilduma@sfr.fr
https://erran.eus/xareta/1760428546653-juankar-mugartza-poetarekin-olerki-tailerra-eginen-dute-urriaren-18an-senperen
Hatsa Elkarteak antolatuta, Juankar Mugartza poetak gidatutako olerki tailer berezia izanen dute urriaren 18an, larunbatean 11:30ean, Senpereko Larraldean. Hitzak eta ixil guneak tailerraren izenburuak dioen bezala, hitzen indarra eta isiltasunaren sakontasuna uztartuko dira jarduera honetan. Parte hartzaileek aukera izanen dute poesia modu berritzailean lantzeko, itsasoaren irudiak eta isiltasunaren metaforak abiapuntu hartuta, sormen kolektiboaren eta hausnarketa pertsonalaren bidez.
‘Hitzak eta ixil guneak’ izenburuarekin, larunbatean 11:30etik aitzinera Larraldean
Juankar Mugartza poetak, bere ibilbide literario aberatsaren esperientziarekin, parte hartzaileei lagunduko die irudimenaren eta adierazpen poetikoaren bideetan sakontzen. Tailerrak ez du maila zehatzik eskatzen: poesia maite duten guztiak, idazle hasiberriak nahiz esperientziadunak, ongi etorriak izanen dira.
Ekitaldi hau Hatsa Elkartearen jardueren barrenean kokatzen da, euskarazko poesia sustatzeko eta sormen kolektiboa bultzatzeko helburuarekin.
Kronika Hitzak eta ixil-guneak
Sabin Oregi-Zarautz-(Ainara Maia-Urroz-en laguntzarekin)
2025-10-18
Urriaren 18an, hamaika t’erdietan tinko biltzeko tenorea ezarria zen. Bidasoaren ondoan autoa laga, handik aurrera Ainararekin jarraitu zuen bidea Sabinek. Egun horretan mugaren inguruko biribilguneak, eta zenbait bide galipota berriaz janzten ari ziren. Horrek izugarriko auto-pilaketa eta ilarak eragin zituen inguru zabaletan.
Eragozpenak denbora jan bazien ere, ezarri tenorerako tinko heldu ziren. Han, Larraldea eraikin ederreko sukaldean kalakan aurkitu zituzten beren aurretik iritsi ziren Auxtin, Juankar eta Erik. Ainara eta Sabinek eraikin ederreko atea gainditzen zutela paratu zuen bere autoa kanpoan Josuk. Bizkor sei izan ziren han barnean.
Ongi etorriak, besarkadak, eta kalaka berria sortu ziren berriz, guztien artean, sukalde eder horretan. Azken olerki-tailerra eta nolakoa izan duten uda gogoratu zuten, eta poesia-tailerrerako parte-hartzaile baten zain (Susana Salazar izeneko bat) minutu batzuk egon ondoren, erabaki zuten urriaren 18ko txangoa abiatzea
Bi auto aukeratu, Saratik barna Lizarrieta gain aldera abiatu ziren. Gain horretan autoak utzi eta ingurua sakon behatu ondoren, mendian txangotxo bat, txango txiki bat udazken-koloretan orbel eta gaztain bidetik, egin zuten. Bidean Etxalarreko uso ehizarako guneak ikusteko aukera izan zuten. Erik eta Auxtin ausartu ziren horrelako dorre batera igotzen, eta han goitik behatzen zen paisaia izugarri ederra zela adierazi zuten. Bidean aurrera jarraitu zuten eta, zuhaitzetatik lurreratu gaztainen artetik aita-alaba bikote bat aurkitu zuten gaztaina oso modu bitxian ateratzen saiatzen, gaztain-oskolaren arantza luzeetatik defendatu nahian. Kaletarrak izango ziren mendian ez zutenak sekulan gaztaina nola bildu ikasi? Seguruenez! Ainarak erakutsi zien egoki eta seguru nola atera gaztaina oskol arantzatsuaren barnetik.
Bidean gora egin zutelarik bezala, beherakoan ere bakoitzak behatzen eta jasotzen zuen bertako, mendiko, naturako, isiltasunaren soinuak. Hiriak inguratzen duenaz bestelakoa.
Haizeak, eguzkiak, itzalak, hostoak eta guztiek sortzen dute naturaren sinfonia. Mendia jaisten ari ziren, poliki, binaka solasean edo naturaren sinfonia entzuten. Zertarako igo ziren mendira, ez bazuten mendiaren sinfoniari so egiten?
Autoetan sartu eta Larraldearako bideari ekin zioten. Oraingoan mendi-lepoan behera. Ez horregatik ez ziren joan bizkorrago maldan behera! Poliki ibili behar baita gure Euskal Herriko mendietako sugearen antza hartzen duten bideetako bihurguneetan. Ordu biak eta laurden inguruan, sartu ziren Larraldeako paradisura. Bertan Luzien Etxezaharreta zegoen Sabinen zain, esku artean duten liburu baten azken zuzenketak egiteko.
Tortillak, entsaladak agertu ziren mahai gainera bazkaltzeko garaian, bereziki mahai burukoak hartu zuten leku handien. Euskal pastelak, bizkotxak… era guztietako gozotegi paradisuko fruitu goxoenak.
Bazkaria amaitu, mahaia jaso, eta ondoren Juankarrek bere tramankuluak ezarri zituen, prestatuak zituen diapositiba elektronikoak erakusteko.
Zer da ixil-gunea?
Ixil-gune bat izan daiteke itsas-hondoa. Itsasoaren hondoan eta olatuen azpian berdina entzuten den galdetu zien poesia-tailerreko parte-hartzaileei. Askotan ez dugu ezer entzuten bera isil-gunea delako. Urpekariaren antzera itsasoaren azpira murgildu, begiak zabaldu eta itsas-azaleko olatuak dantzan eta jolasten ari direla entzuten duzu. Bizi zara, autoen burrunba entzuten ez baduzu entzuten.
Zer sumatzen duzu itsasotik irtetean eta itsasoaren ertzera zoazenean? Hondarraren gainean pausatzerakoan oinak, eta zutik jartzen hasten zarenean, berriro belarrietan sartzen dira gizarte teknologiaren soinuak eta zaratak. Itsasoaren uraz bustita zeunden eta ez zara jabetu euri goxo batek ongi etorria ematen zuela zure gorputza haizearekin bat egiterakoan.
Aipatu itsasotik aterata beste isil guneak
Berdina igartzen al dugu itsasoaren-ertzean edo basoaren barnean?
Naturara, basoa, eta zuhaitz artean isilaren bila joan gara. Ez dago isiltasuna, bestelakoa da soinua: txoriak kantari, kilkerrak, edo haizea xuxurlari hostoen artean.
Gure kantarien artean gogoratzekoak dira Lurdes Iriondo edo Pantxoa eta Peio: isiltasunari kantatu diotenak. Bestetik, Mikel Laboa izan zen gure hitzak kantatu zituenak: “…isiltzen denak zer isiltzen du isiltzen denean…”.
Txangoa abiatzerakoan, autoak laga bezain gertu perpausa batek deitu zuen gure adimena: “Mendiak elkartzen gaitu, eta ez du muga sortzen”.
Hitzen artean murgilduta, batek hartu zuen denbora dezente, Josuk ekarria: moskana. Gaztainaren azala edo oskola omen da moskana, batez ere Bizkaia aldean erabiltzen da hitza. Moskan(a), Elhuyar hiztegiak dio gaztain berdeak eskuetan uzten duen zikina dela.
Poesia-tailerra amaitzeko Juankarrek Ixiltasuna abestia entzuteko bideo bat ipini zuen, kantariak Izarrak taldekoak ziren. Simon&Garfunkel The sound of silence kantu famatuaren euskal bertsio bat.
Egunaren egonaldia modu goxoan amaitzeko, Auxtin Zamorak poesia-tailerra apailatu zuen Juankar Lopez Mugartza poetari opari berezi bat eman zion eskertza moduan: Anemona fosil bat, 80 milioi urte lituzkeena eta Landesetako Tercis herrian aurkitua. Gero berriro ere eskuak luzatu ziren gozoen alorrera, eta ongi-joana jasotzeko Auxtinek ekarri feijoak banatu zieten parte-hartzaileei. Milesker Juankar eta Auxtin!
Kronika-egilea: Sabin Oregi.
AO: poesia-tailerraren biharamun goxoan Susana Salazarren posta elektronikoa jaso zuen Auxtin Zamorak:
Kaixo Auxtin,
Bakarrik 12.30ak aldera etxea Larraldea aurkitu dut. Bidea tronpatu dut. Sentitzen dut.
Etxearen ondoan jan dut eta atseden hartu dut, uste dut kanpoan zeundela.
Beste batean izango da! Ze leku ederra!
Milesker
Asteburu polita izan,
Susana
Ainarak Susanaren helbidea hatsakideen helbideen kutxan gorde zuen hurrengo hitzorduren baterako.


